


MANIFESTUA






Eta hemen gaude, herri baten izerditik edaten. Euskal Herriko ondare immateriala ez da soilik iragana, ez da oraina; atzera egiten dugun bakoitzean, aurrera goaz, etorkizuna oinez egiten dugu. Tradizioak ez dira gure lokarri, gure oinetakoen lokarriak baizik, salto egitera bultzatzen gaituztenak.
ENBATA ez da airean dantzan dabilen laino bakarti bat, iragan urrunetik gure kostaldea astintzera datorren ekaitza da. Ekaitz hori zuena ere bada. Gurekin batera, saretu zaitezte, izan zaitezte ENBATAren parte!

Tradiziozko pertsonaiak ez dira soilik irudimenaren erakusleihoan jarritako txotxongiloak; haien ahotsak gureak dira, eta haien pausoak gure dantza garaikidea dira. Ez gara iragana berpizten saiatzen; iragana berak bizi nahi du gure orainaldian. Pertsonaia horien bidez gaur eguna eraikitzen duten berriak bizi eta kontatu nahi ditugu.
ENBATAk ez du bakarrik eszenatokian eragina izan nahi; euskaraz hitz egiteko sare bat eraikitzea da gure helburua, euskal dantza garaikidea eta eszenaratze herrikoiak berrinterpretatuz eta berpiztuz. Gure ikuspegia argia da: osatu eta bukatu diren formak gaur egungo ikuspegi berri batetik berriztatzea, euskal kulturaren potentzial osoa agerian utziz.

ENBATA, gure kultura den bezala bizia eta dinamikoa da. Panorama berri bat zabaltzeko asmoz dator, aldizkari bizi bat da. Hemen, euskaraz hitz egin, eztabaidatu, eta gure errealitatean sakontzeko espazio bat eskaintzen dugu. Ez gara iraganaren nostalgian katigatzen; gaur egungo, bizipenak tradiziozko pertsonaien ahotan eszenaratzen ditugu. Zabal dezagun sare berria elkarrekin.
Euskara ez da hitza soilik, ezkutuko hizkuntza bat da, orainaldiaren gatazken oihartzunak eta euskararen doinuak nahasten dituena. Inauterien formak eta dantzak osatu, hautsi, eta berriro asmatu nahi ditugu, Euskaraz aritzeko sare iraultzale bat eratuz.

ENBATA ez da gidari; haizea da, gure egunerokotasuna dantzan jartzen duena, kaleak eta tabernak dantzaz eta satiraz betez.

Euskal kulturaren labirintotik atera eta bide berriak sortuko ditugu. Jorge Oteiza ez litzateke hemen izango, eta hala ere, hemen da, gure hitzak hauspotzen. Zuek ere hemen izan zaitezkete gurekin aurrera eginez.








